Programaren bigarren online mintegiak, berrikuntza soziala eta erantzunkidetasuna ardatz izan zituenak, Europako hego-mendebaldeko zenbait aditu bildu zituen, komunitatea gehiegi kargatu gabe tokiko laguntza-sareak nola indartu hausnartzeko.

Bizitza-Luzetasunerako Berrikuntzaren Euro-Polo Proiektuak (NEXT-CARE), Bizitza Beterako Laguntzen Zuzendaritzak (Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Eusko Jaurlaritzako Saila) zuzendua dagoena eta Next Generation funtsen bitartez finantzatuta dagoena, joan den maiatzaren 28an bigarren on-line mintegia ospatu zuen, eta EAEko, Nafarroako, Akitania Berriko eta Okzitaniako eskualdeetako zaintza-sareen laguntza-zerbitzuei buruzko hausnarketa eta komunitate-zaintza izan zituen ardatz.

“Zaintza komunitarioak” izeneko mintegiaren helburua etxe zein auzo testuinguruan emandako zahartzeari laguntzeko formula berritzaileak aztertzea izan zen, laguntza instituzional zein komunitarioa hain zuzen, eta erantzunkidetasuna, berrikuntza soziala eta teknologien erabilera etikoa sustatuz. Saioan, Andoni Zulaikak (Zabalduz Kooperatiba Elkartea) testuinguruari buruzko hitzaldia eman zuen, eta talde-sorkuntzari buruzko tailerra egin zen.

Parte-hartzaileek (sektoreko profesionalak, politika publikoen kudeatzaileak eta mendekotasunean adituak) proposamen zehatzak eztabaidatu zituzten, zaintza komunitarioen jasangarritasuna hobetzeko, hurbiltasuna, inklusioa eta autonomiaren ikuspegitik.

Tailerraren ondorio nagusien artean, baliabide instituzional berriak sortu aurretik dauden gaitasun komunitarioak berrikusteko eta aktibatzeko beharra nabarmendu zen, baita laguntza formalak eta informalak modu orekatuan konbinatzearen garrantzia ere, komunitatea gehiegi kargatu gabe eta erantzukizunak komunitatearen esku erabat utzi gabe. Herritarren eta erakundeen arteko erantzunkidetasuna, autozaintzaren sustapena eta gizarte-lotura esanguratsuen berreskuratzea nabarmendu ziren. Gainera, tresna teknologikoak laguntza erabilgarriak izan daitezkeela azpimarratu zen, betiere giza harremana ordezkatzen ez badute. Hirigintza birdiseinatzea eta hurbileko zerbitzuak ezartzea ere proposatu zen, inguruan bertan bizitza autonomoa errazteko gako gisa.

Ondorioen txosten osoa eta mintegiaren bideoa NEXT CARE proiektuaren webgunean egongo dira eskuragarri.

NEXT-CARE proiektua (https://www.next-care.eu/)

Bizitza-Luzetasunerako Berrikuntzaren Euro-Polo Proiektuak (NEXT-CARE), Bizitza Beterako Laguntzen Zuzendaritzak (Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Eusko Jaurlaritzako Saila) zuzendua dagoenak eta Next Generation funtsen bitartez finantzatuta dagoenak, mugaz gaindiko ezagutza eta ikaskuntza-espazio bat bultzatzeko helburu orokorra du, bizitza-luzetasunean berrikuntza eta politika publikoak bultzatzeko Euskadi, Nafarroa, Akitania Berria eta Okzitanian.

Proiektuaren onuradun nagusiak mendekotasun-egoeran dauden adinekoak, arlo soziosanitarioko profesionalak, gizarte eta osasun-politiken kudeatzaileak, eta etxez etxeko zaintzaileei, egoitza-zentroei eta zaintza komunitarioei lotutako erakundeen (sozialak eta pribatuak) kudeatzaileak dira.

NEXT-CARE proiektuak planteatzen dituen ekintza zehatzen artean hauek nabarmentzen dira:

  1. NEXT CARE eskualdeetan bizitza-luzetasuna berritzeko NEXT-CARE Sarea sortzea, bizitza-luzetasuna berritzeko jardunbide egokien mapak eginez eta mugaz gaindiko ikaskuntza-sareak garatuz, baita mintegiak eta ikaskuntza bisitak eginez.
  2. Etorkizuneko NEXT CARE Behatokia sortzea, NEXT CARE eskualdeetako politika eta esperientzia berritzaileei buruzko azterketa konparatuak egiteko, joerak aztertzeko eta eskualde horietako bizitza-luzetasunaren etorkizuneko diseinuaren inguruko azterlanak egiteko.
  3. Emaitzak komunikatzeko eta zabaltzeko lan sutsua egitea mugaz gaindiko topaketa eta mintegien bidez.

Harremanetarako: project@next-care.eu